“SOS LAUDIOKO LAMUZA PARKEA”-REN GUTUN IREKIA, ARABAKO FORU ALDUNDIARI, LAUDIOKO UDALARI ETA ALDERDI POLITIKOEI

SOS Parkea

2013ko Lotazil-Abendutik, Lamuzako gure parkean axola handiko gertaerak izan direlako, gure salaketa hau agertzeko beharrak jo gaitu:

Garai haretan, “Musika Etxean” arrakala batzuk agertu ziren, Urkixoko markesen Jauregiko administrazio-etxea zen horretan alegia, eta Okondorako errepide-espaloira zati batzuk erori ziren. Ibiltarientzat arriskugarri zela eta eraikin ingurua hesitu zuen, aldamenetik iragaiteko oztopo baitzen, bai lagunentzat bai ibilgailuentzat.

Eraikin hori 2003tik guztiz bertan behera utzita dago, gero eta egoera txarragoan zegoelako, eta bertan jarduten zuten kultura-taldeei beste leku batzuetara joateko agindu zien. Lamuzako Parkearen Birgaitze-Xede Berezian, 2009an Aldundiak iradatzian, eraikin hori “berehalako jarduketaren beharretan” zegozenen artean aipatua zen. 2011an Aldundiak, gure herrian etsipen handia sortuz, parkea birgaitzeko jarduketari ekiteko aurrikusita zegoen dirua erabat ezabatu zuen, berehalako jarduera guztiak alde bat utzirik beraz, eta kalteak, esan beharrik ez, gero eta gero larriagoak.

Hormatik erori zatiak eta ondoriozko arriskuak ikusita, Udalak Arabako Aldundiarekin bilera egin zuen, konponbideren bat eskatzearren, eta honetarako, hasieran, 6.000 euro egokitu zituzten eraikina zurkaizteko, goiak behea jotea ekidite aldera. Laudioar askorentzat etsigarria izan zen: hori konponbide hori ez zen ezertarako bide, arazoa konpontzeko ez.

Egoeraren larria ikusirik, eta gertatuak gertatu, laudioar talde sendo bezain askotariko batek SOS Laudioko Lamuza Parkea delako ekingunea sorrarazi zuen. Gure eritziz, erakundeen aldetik utzikeria eta herritarren ezerezkeria anitz urtez agitu ondorean, bazen zerbait egiteko garaia, hitzak nahiz agintzak alde bat utziz. Honez geroztik, asko ekimen asko burutu behar izan dugu, gure parke edo lorediaren balioak agerrarazteko. Besteak beste, SOS Parkeak izenpe bilketa bat egin du, eta hor da txit ikusteko era onean gure herriaren nahia. Zein dugu hau eta loredia lehen bai lehen berregitea, zertarako eta, guztiz lorrindu edo higatu aitzin, laudioar guztiontzat gizarte-kulturarako lekua izan dadin.

Lamuzako parkearen birgaitzea dugu helburu, gure kultura nahiz aisialdirako beharrak betetzeko leku erabilgarria gerta dakigun, zeren, arlo horretan, gure herria Araban bigarrena izanik ere, behar-beharretan baita. Laudiorentzat, eta eskualdearentzat gune erdikoa, bizia eta askotarakoa izatea nahi dugu eta eskatzen dugu. Eraikinen berriztatze hutsa ez dugu nahi, ez bulego-erabilera baterako soilik izan litezen, izan ere, honetarako bada leku hoberik eta ez hain ikurrezkorik (eta beste administrazio-bulego askotatik hurrago, hurrean); parkea herriko kultura, gizarte edota ingurumen arloetan ardatz bihurtzea nahi dugu, berezko birika izan dadin eta jakintzarako, turismorako, aisiarako, eta antzea egiterako bizkortoki, susperleku, sustagune gerta dakiguntzat.

Egitasmo hau ondo agitzeko, helburuak zehaztean ibarreko harritarrok eta gizarte nahiz kultura taldeek esku hartu behar izango dugu; ez dugu, beraz, herriaz landako inoren esku utzi behar ebazpenik, erabiltzaile-gaiok dituzkegun asmoak edo gogoak haintzat hartzeke.

Lehenik eta behin, egoerarik txarrenetan diren bi eraikin, Kasinoa eta Musika Etxea, horien berriztatze eta birgaitzea bermatu nahi dugu, lehenttoago esan duguna legez, Birgaitze-Xede Berezian aipatuak izan baitziren, berehalako jarduketa beharra zutela eta, hondamendia galarazi nahian baina ez behar besteko arduraz aipatu ere.

Gure ekingunetik egitaldi batzuk antolatzen hasi gara, ekierak, jakin-hedapenak, ikerketak eta talde edo auzo-lanak, guztiz ere; lorediak zein balio edo ahaldin handia duen ohartu eragiteko, eta, bide batez, berriztaketa nahiz iraunarazketa egiteko, jendeak doakigun betebehar honetan esku hartu behar duena ikusbide edo adibide izan dadin, irudizkoa balitz ere. Ekimenon emaitzari lotuta, Laudioko Udalak 2014ko aurrekontuetan 34.000 euro egokitu ditu Kasino-etxea oso maskaltzen hasia baita, lehen bai lehen hobetzeko lanei ekitearren: ez da kopuru handia, baina hor udal-talde guztien nahia nabari da, gurean geratu zaigun kultura-ondasun bat, bakanetako bat, zabarkeriagatik, lur jota betiko gal ez dezagun.

Arazo honetaz hedabideetan sarri entzun-irakurten dugu, baina bederatzi il joan dira, zatika erortzen hasiz gero, eta egun zer dakusagu?:

.- Musika Etxea ezertarako ez dela dago, egon, erortzeko arriskua behingoan ekidin badu ere.

.- Arabako Foru Aldundiak oraindik ez du egitasmorik aurkeztu, ez zer egin nahi duen argitu, Musika Etxeaz den bezainbatean, eta, agidanean, lehen kulturarako erabili ohi zen eraikina bulego edo antzekotarako soilik egokitu nahi omen du.

Aldia ez da gelditzen, eta iristen zaizkigun berriak ez ditugu lasaigarri, ez gure kezkaren baregarri, zeren, berriz ere, azken bederatzi ilotan hitzez gain egin ez baitu deusik egin.

70. hamarkadan loredia herriaren esku geratu zen eta orduko gogo hura berpiztu behar genuke, erakunde, talde, herritar guztion elkarlanez, 35 urte geroago, behialako egin-gogo hura burutzeko.

Hau guzti hau dela eta, SOS Parkea-tik, 4.200dik gorako izenperen indarrarekin, gure Aldundi eta Udalari, eta bertan dagozen alderdiei hau eskatu nahi diegu: Zer egin gogo duten, noiz, nola eta zein diru-kopuruz eginen duten jakitera eman diezaiotela Laudioko herriari, ofizialki eta orokorki, gutun honetan aurkeztu bezala Musika Etxea, Kasinoa eta loredi osoa berriro erabiltzeko eran izan daitezen, herriko elkarte, talde, herritarren eskuz elkarkidetzan ekiten hasteko.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Oharrak / Notas y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.